Lehenengo urtebetetzearekin batera, itxura eta aukera berriekin ekin dio ikasturteari Euskaltube.com guneak
Euskaltube.com guneak bere lehenengo urtebetetzean oparia egin nahi izan die erabiltzaileei. 2007ko irailaren 3an sortu zen bideoak partekatzeko euskara hutsezko lehenengo webgunea eta, urteurrena ospatzeko, itxura goitik behera eraberritu dute arduradunek, logotipoa ez ezik baita gunearen diseinu osoa ere. Gainera, sistema eguneratzearekin batera aukera berriak ere ahalbidetu dituzte: bideoak aukeratu ondoren bata bestearen atzetik jarraian ikusi ahal izateko zerrenda, fitxategiak deskargatzeko lotura eta audioa sareratzeko txokoa kasu.
Administratzaileen esanetan, “salto kualitatiboa eman du Euskaltube.com guneak uda honetan. Izan ere, orain arteko diseinua nahiko oinarrizkoa bazen, orain, diseinatzaile eta teknikari profesionalen laguntzari esker, askoz ere aurkezpen fresko, irisgarri eta dinamikoago du. Irudi korporatiboa ere landuago eta finkatuagoa geratu da, besteak beste”.
Itxuraz gain, beste aldaketa batzuk ere badakartza Euskaltube berriak, ordea. Orain arte bideoak sareratzeko aukera eskaini badu soilik, aurrerantzean erabiltzaileek beren audioak ere gorde ahal izango dituzte webgunean.
Bideoei dagokienean ere badira berrikuntzak. Adibide baterako, Euskaltube.com gunearen lehenengo bertsioak ikusentzunezko fitxategi mota mugatua onartzen zuen. Orain, aukerak zabaldu dituzte eta orotariko bideo fitxategiak sareratu daitezke: mpg, mpeg, avi, divx, mp4, flv, wmv, rm, mov, moov, asf, swf, vob, baita sakelako telefonoek darabilten 3gp motako fitxategiak ere.
Bideoak aukeratu, eta guztiak jarraian ikusi
Bideoak partekatzeko orduan, Euskaltube-ren antzerako webguneek orain artean izan duten arazoetako bat ondokoa izan da: Edukiak banan bana aukeratu behar ziren, eta bideo bat ikusi ondoren beste bat bistaratu nahi bazen berriz ere bilaketa egin eta hautatzea beharrezkoa zen.
Bada, webgune berrituan, “playlist” edo bideo zerrendak osatzeko aukera dago. Alegia, erabiltzaileak webgunean barrena nabigatu ahala bideoak zerrenda ezberdinetan gaineratu ahal izango ditu eta, bistaratu nahi dituenak aukeratu ostean, guztiak jarraian erreproduzitzeko aukera izango du. Arduradunen esanetan, “aukera honen bitartez ‘a la carta’ esaten zaion benetako telebista ikustea posible izango da. Erabiltzaileak nahi hainbat bideo zerrenda jakin bati gehitu ondoren lasai eseri ahal izango du, saguari berriz eragin gabe hautatutako edukiak hurrenkeran ikusteko”.
Orain arteko aukera guztiak mantentzen ditu, halaber, Euskaltube.com guneak. Erabiltzaileek beren bideoak edo beste kideenak blog pertsonaletan txertatzeko “kode enbotatua” deritzaiona dute eskuragarri, baita audioaekin eta bideo zerrendekin ere, esate baterako. Bestalde, joan den urtean gutxinaka egin diren hobekuntzak ere mantendu dira, batez ere programazioaren alorrean.
Azkenik, RSS jarioen sistema ere eguneratu dute. Lehen jario bakarrera harpidetzeko aukera zegoen. Orain, aldiz, iturri nagusiaz gain, sistemak kategoria, kanal, talde eta erabiltzaile bakoitzeko RSS iturri berezitua sortzen du. Alegia, nahi duenak erabiltzaile, kanal edo kategoria jakin bateko bideoetara harpidetu ahal izango du.
Hona hemen adibide batzuk: Musika jarioa, Buru erabiltzailearen jarioa, Argia astekariaren kanalaren jarioa.
Administratzailearen aburuz, hobekuntza nabarmen hauek ez ezik beste hainbat aldaketa txiki ere baditu webguneak eta, horregatik, erabiltzaileak animatu ditu beren kabuz froga ditzaten. Gainera, Euskaltuberen blogaren bitartez iritziak eta sor daitezkeen balizko arazoak jakinarazteko deia ere luzatu du.