Hemendik aurrera, zure telebista propioa euskalTuben
Esan dugu lehenago ere euskalTube.com etengabe garatzen eta hobetzen ari garela. Horretarako, euskal blogosferako hainbat kideren laguntza izaten ari gara, eta egindako lanaren uzta pixkanaka pixkanaka jasotzen ari gara. Eskerrik asko beraz euskalTube.com egiten duzuen erabiltzaile guztiei eta, bereziki, gurekin elkarlanean zerbitzua hobetzeko lan teknikoak egiten ari diren horiei.
Oraingoan berrikuntza txiki baina garrantzitsu batekin gatozkizue. Jakingo duzuenez, orain arte, euskalTube.com gunearen bidez bideo bat sareratzerakoan sistemak automatikoki ezartzen zuen euskalTube.com webgunearen logotipoa bideoaren gainean.

Hemendik aurrera, erabiltzaile bakoitzak bere bideoen gainean nahi duen irudia, mantxeta, eulia edo logotipoa jartzeko aukera izango du oso modu errazean.
Horretarako, aski da erabiltzailearen soslaiaren txokoan “ezarri irudi propioa zure bideoari” idatzita duen irudiaren azpian dagoen aukeraren bitartez erabiltzaile irudia paratzea. Hori ez da aldatu. Izan ere erabiltzailea identifikatzen duen irudia igoz gero, euskalTube.com guneak automatikoki ezarriko dio irudi hori erabiltzaile horren bideo guztiei. Erabiltzaileak ez badu irudirik ezartzen, orduan euskalTube.com gunearen ohiko “euli” edo logotipoa agertuko da bideoaren gainean.
Web 2.0 izeneko tresnek indarra badute, erabiltzaileen partehartzeari esker dute. Lehenago azpimarratu dugun bezala, euskalTube.com ez litzateke ezer erabiltzaileek sareratutako bideoengatik ez balitz. Bide horretan urrats bat gehiago eman nahi izan dugu partehartze hori bermatze aldera eta bideoak partekatzeko beste tresna gehienek eskaintzen ez duten aukera bat gaineratu dugu.
Aukera horren bitartez, erabiltzaileak bere bideo propioak sareratzeaz gain, bere “telebista” propioa identifikatuko duen logotipoa ezartzeko beta izango du hemendik aurrera. euskalTube.com gunetik erabiltzaile guztiak animatu nahi ditugu beren irudi propioa ezar dezaten, hartara gutxinaka ehunka eta ehunka telebista kate txiki sortzeko, bakoitza bere online txokoarekin eta identifikatzen duen “euli” edo logotipo propioarekin.
Hona hemen adibide batzuk:
urtarrila 8th, 2008 at 7:15
Hemendik aurrera, zure telebista propioa euskalTuben…
Euskaltubek berrikuntza interesgarri bat egin du bakoitzaren erabiltzaile irudia erabiliz orain mantxeta (eskuinean azpian azaltzen den logoa) pertsonalizatzeko aukera du. Bakoitzaren bideoei identitate pixkat gehiago emateko aukera emanez. Bakoitzak b…
urtarrila 8th, 2008 at 8:06
A ze sorpresa! Eulia daukagula, orain produkzioa serio hartu beharko dugu ba!
Ideia ona. Aupa zuek!
urtarrila 20th, 2008 at 8:05
Bikaina! Proposamen bat: azpitituluak sartzeko aukera ematerik pentsatu duzu?
Flash Media Playerraren azken bertsioarekin (3.14) egin daiteke, SRT formatua onartzen du (eta besteren bat ere bai). Euskara bezalako hizkuntza batentzat azpitituluena oso garrantzitsua da, eta askoz lan gutxiago dauka bideoaz gain SRT fitxategi bat igotzeak, editore batekin azpitituluak bideora itsasteak baino.
Nik 3ARRANOn probatu berri ditut, eta gainera azpititulurik ikusi nahi ez duenak botoitxo bat dauka hauek ezkutatzeko.
Ondo izan!