Lehenengo urtebetetzearekin batera, itxura eta aukera berriekin ekin dio ikasturteari Euskaltube.com guneak

iraila 9th, 2008

Euskaltube.com guneak bere lehenengo urtebetetzean oparia egin nahi izan die erabiltzaileei. 2007ko irailaren 3an sortu zen bideoak partekatzeko euskara hutsezko lehenengo webgunea eta, urteurrena ospatzeko, itxura goitik behera eraberritu dute arduradunek, logotipoa ez ezik baita gunearen diseinu osoa ere. Gainera, sistema eguneratzearekin batera aukera berriak ere ahalbidetu dituzte: bideoak aukeratu ondoren bata bestearen atzetik jarraian ikusi ahal izateko zerrenda, fitxategiak deskargatzeko lotura eta audioa sareratzeko txokoa kasu.

 

Administratzaileen esanetan, “salto kualitatiboa eman du Euskaltube.com guneak uda honetan. Izan ere, orain arteko diseinua nahiko oinarrizkoa bazen, orain, diseinatzaile eta teknikari profesionalen laguntzari esker, askoz ere aurkezpen fresko, irisgarri eta dinamikoago du. Irudi korporatiboa ere landuago eta finkatuagoa geratu da, besteak beste”.

Itxuraz gain, beste aldaketa batzuk ere badakartza Euskaltube berriak, ordea. Orain arte bideoak sareratzeko aukera eskaini badu soilik, aurrerantzean erabiltzaileek beren audioak ere gorde ahal izango dituzte webgunean.

Bideoei dagokienean ere badira berrikuntzak. Adibide baterako, Euskaltube.com gunearen lehenengo bertsioak ikusentzunezko fitxategi mota mugatua onartzen zuen. Orain, aukerak zabaldu dituzte eta orotariko bideo fitxategiak sareratu daitezke: mpg, mpeg, avi, divx, mp4, flv, wmv, rm, mov, moov, asf, swf, vob, baita sakelako telefonoek darabilten 3gp motako fitxategiak ere.

 

Bideoak aukeratu, eta guztiak jarraian ikusi

Bideoak partekatzeko orduan, Euskaltube-ren antzerako webguneek orain artean izan duten arazoetako bat ondokoa izan da: Edukiak banan bana aukeratu behar ziren, eta bideo bat ikusi ondoren beste bat bistaratu nahi bazen berriz ere bilaketa egin eta hautatzea beharrezkoa zen.

Bada, webgune berrituan, “playlist” edo bideo zerrendak osatzeko aukera dago. Alegia, erabiltzaileak webgunean barrena nabigatu ahala bideoak zerrenda ezberdinetan gaineratu ahal izango ditu eta, bistaratu nahi dituenak aukeratu ostean, guztiak jarraian erreproduzitzeko aukera izango du. Arduradunen esanetan, “aukera honen bitartez ‘a la carta’ esaten zaion benetako telebista ikustea posible izango da. Erabiltzaileak nahi hainbat bideo zerrenda jakin bati gehitu ondoren lasai eseri ahal izango du, saguari berriz eragin gabe hautatutako edukiak hurrenkeran ikusteko”.

 

Orain arteko aukera guztiak mantentzen ditu, halaber, Euskaltube.com guneak. Erabiltzaileek beren bideoak edo beste kideenak blog pertsonaletan txertatzeko “kode enbotatua” deritzaiona dute eskuragarri, baita audioaekin eta bideo zerrendekin ere, esate baterako. Bestalde, joan den urtean gutxinaka egin diren hobekuntzak ere mantendu dira, batez ere programazioaren alorrean.

Azkenik, RSS jarioen sistema ere eguneratu dute. Lehen jario bakarrera harpidetzeko aukera zegoen. Orain, aldiz, iturri nagusiaz gain, sistemak kategoria, kanal, talde eta erabiltzaile bakoitzeko RSS iturri berezitua sortzen du. Alegia, nahi duenak erabiltzaile, kanal edo kategoria jakin bateko bideoetara harpidetu ahal izango du.

Hona hemen adibide batzuk: Musika jarioa, Buru erabiltzailearen jarioa, Argia astekariaren kanalaren jarioa.

Administratzailearen aburuz, hobekuntza nabarmen hauek ez ezik beste hainbat aldaketa txiki ere baditu webguneak eta, horregatik, erabiltzaileak animatu ditu beren kabuz froga ditzaten. Gainera, Euskaltuberen blogaren bitartez iritziak eta sor daitezkeen balizko arazoak jakinarazteko deia ere luzatu du.

Player berria frogatzen ari gara: Zer iruditzen zaizu?

apirila 27th, 2008

euskalTube.com gunean player edo erreproduzigailu berria frogatzen ari gara eta erabiltzaileen iritzia jaso nahi dugu. Zure iruzkina utzi nahi baduzu, hemen egin dezakezu.

Oraindik frogatan ari garenez, baliteke funtzioei dagokienean hainbat akats egotea eta aukera batzuk ere euskaratu gabe egotea. Frogek dirauten bitartean arazoak badaude, barka eragozpenak.

Player zaharrarekin alderatuta, ze hobekuntza ikusten dizkiozu berriari? Eta zertan iruditzen zaizu okerragoa? Zure iritzia garrantzitsua da lanean ari garenontzat. Edozein iradokizun edo xehetasun nabarmendu nahi baduzu, iruzkin bat utzita egin dezakezu.

Zibertso: Bertsotarako kanal berezia euskalTuben

martxoa 23rd, 2008

zibertso
Gaurkoan euskalTube.com gunearen ekimen berri batekin gatozkizue: Zibertso.Bertsolaritzak Interneten gero eta toki gehiago duela ikusita, eta toki hori merezi duela sinistuta, euskalTuben bertsoei eta bertsolariei aparteko txokoa eskaintzea erabaki dugu. Gainera, gero eta gehiago dira webgune honen bitartez sareratzen diren bertso bideoak. Bada, hemendik aurrera, bertsolaritzarekin zer ikusirik duten bideoak metatuko dituen kanal berezia izango dute (ikus hemen orain arteko kanal berezi guztiak).

Bota punttua!

Zibertso kanalaren helburua (euskaltube.com/zibertso helbidean aurkituko duzue) webgunean dauden bertsolaritzari buruzko bideo guztiak biltzea da. Baina pixka bat aurrerago ere joan nahi dugu.

Orain artean, plazaz plaza grabatutako hainbat saio, umorezko esketxak eta bertsolariei egindako elkarrizketak dira euskalTubera igo diren bideo gehienak.

Zibertso kanalaren bitartez, bideo horiek guztiak biltzeaz gain, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako mementuz sailkatu ez diren bertsozale horiei taula zibernetikoa eskaini nahi diegu euskalTube.com gunean. Tira, eta finalean egon den bertsolaririk animatzen bada, askoz hobe!

Erabiltzaileek, esaterako, lagunartean botatako bertsoak grabatu eta sarera ditzakete, edo webcamaren aurrean jarri (eskuak bizkarraldean lotuta), bertsoa bota, grabatu eta Zibertso kanalean ezagutarazteko.

Beste bertzozaleren batek botatako bertsoari erantzutea da aukeratako bat, habaler. Inoiz geratu zara entzundako bertso bati erantzuteko gogoz? euskalTuben, ikusgai dauden bideoetako edozein bertsori erantzuteko aukera izango duzu hemendik aurrera Zibertso kanalean.

Izan tadekide!

euskalTuben bertsotan hasteko, nahikoa da webgunean erabiltzaile gisa erregistratzea. Erregistratu ndoren, izena emateko erabili duzun posta helbidean berrespen mezua jasoko duzu. Beharrezkoa da berrespen mezuan datorren loturan klik egitea erregistroa amaitzeko.

Erregistroa burutu eta saioa hasi ostean, nahikoa da euskaltube.com/zibertso helbidera jo eta “Izan taldekide” idatzita duen loturan klikatzea. Hortik aurrera, Zibertso kanaleko kide izango zara eta sareratzen dituzun bertso-bideoak kanal honi eransteko aukera izango duzu erabiltzailearen menuaren bitartez.

Dagoeneko bertso mordoa dago euskalTuben. Baina hemendik aurrera bertsoak, euskal kulturak duen ikuskizun berezienetakoa, oraindik eta presentzia nabarmenagoa izatea nahi genuke.

Anima zaitez, beraz, eta bota punttua!

Mikroformatuak eta Operator gehigarria euskalTuben

martxoa 23rd, 2008

Euskaltube.com guneak berrikuntza bat gaineratu die webguneko bideoei: Mikroformatuak

Mikroformatuen bitartez, bideo bakoitzari izkutuko informazioa gaineratzen zaio. Informazio hori erabiltzeko, Firefox nabigatzaile apart eta libreak Operator izeneko tresna darabil, gehigarri bat. Hemen jaitsi dezakezue debalde Firefox nabigatzailea, euskaraz. Eta hemen eskuratu dezakezue Operator tresna barra, Firefox instalatu ondoren ezarri beharrekoa. Instalatu eta erabili beldurrik gabe, software segurua baita 100%.

Euskaltube.com guneak bideoak bistaratzerakoan darabiltzan mikroformatuen artean erabilgarrienak, seguru asko, etiketak dira. Lotura hauetan aurkituko duzue mikroformatuen inguruko informazio zehatzagoa: Mikfromatuak.com, Bildu.net/tag/mikroformatuak, Mikroformatuak Wikipedian.

Etiketek erabiltzaile bakoitzak bideoari gako hitzen bitartez erantsen dion informazio gehigarria biltzen dute. Etiketak mikroformatu bilakatuta, Operator tresnaren bitartez izkutuan dagoen informazio hori guztia azaleratzeko aukera dago. Finean, etiketak zerrendatu egiten ditu eta bakoitzarekin sarea arakatzeko aukera ezberdinak luzatzen ditu. Adibidez, euskara etiketa duen bideo batean, hitz hori Youtuben, Amazonen, Del.icio.usen, Flickren, Technoratin… zuzenean bilatzeko aukera ematen dizu, kanpo webgune horietako edukiak bistaratzeko. Horrela, euskara hitzarekin etiketatutako bideoak, argazkiak, loturak, blogak, liburuak erraz aurkitu ahal izango dituzu.

Bideo-tutorial bat prestatu dugu etiketen, mikroformatuen eta Operator tresna barraren erabilpena azaltzeko. Narratzailearen ahotsa AhoTTS sistemaren bitartez izan da sortua. Hemen ikus dezakezue. Probatu! Eta, zalantzarik baduzue, jar zaitezte gurekin harremanetan.

Eraso baten ondorioz erori da euskalTube

martxoa 15th, 2008

euskalTube.com gunea martxan jarri genuenetik bigarren arazo larria jasan genuen atzokoan, martxoaren 14a, ostirala.

Ordu txikietan, gauerdia pasata, norbaitek eraso egin zion webguneari, baita arrakastaz eraso ere.

Gure ikerlariak (biba zuek!) dagoeneko kasua aztertzen ari dira eta segurtasun auditoria sakona egingo dugu aurrerantzean.

Mementuz, segurtasun kopia bati esker, martxoaren 8ko webgunea berreskuratzerik izan dugu. Baina bidean martxoaren 8tik 14ra sareratutako bideoak galdu dira (30 inguru) eta bai bitarte horretan izena eman duten erabiltzaileen erregistroak ere.

Dakigunagatik, saiakera eraso gehiago izan dira azkenaldian, bide ezberdinetatik. Gutxienez, beste bi saiakera argi. Horiek, ordea, ez zuten helburua erdietsi. Baina atzo euskalTube.com gune osoa ez ezik blog hau ere crackeatzea lortu zuten.

Uste dugu, Wordpressen eraikitako blogak zituen zulo batzuetatik iriki zutela zirrikitua. Dagoeneko softwarea berrituta eta zuloak, ahal den heinean, itxita daude. Wordpress bertsioa, bederen, eguneratua izan da.

Hortik hasi eta crackerra bide berriak irekitzen joan zela uste dugu, baita euskalTube.com gunea haustera iritsi arte ere. Finean, euskalTuben darabilen SQL datu baseko informazioa ezabatzea lortu zuten, ez ordea, fitxategi edo karpetarik.

Konponketa posible bakarra datu basearen kopiarik berriena berrezartzea izan da, mementuz. Eta halaxe egin dugu. Beraz, egunotan bideorik igo baduzu edo erregistratu bazara, barkamenak eskatu nahi dizkizugu izan dugun ezusteak eragin badizu. Eta gogoan izan, berriz ere erregistratzeko aukera dagoela, baita desagertu diren bideoak igotzeko ere. Edozein laguntza behar baduzu prest gaude erantzuteko, harremanetarako ohiko kanaletatik

Baina euskalTuberen helburua horrelakorik berriz inoiz ez gertatzea da, eta dagoeneko ari gara horretan lanean. Datozen egunotan segurtasun ikerketa sakona egingo dugu webgunea bera eta erabiltzaileak mehatxuetatik aske izan daitezen.

Hemendik aurrera, zure telebista propioa euskalTuben

urtarrila 8th, 2008

Esan dugu lehenago ere euskalTube.com etengabe garatzen eta hobetzen ari garela. Horretarako, euskal blogosferako hainbat kideren laguntza izaten ari gara, eta egindako lanaren uzta pixkanaka pixkanaka jasotzen ari gara. Eskerrik asko beraz euskalTube.com egiten duzuen erabiltzaile guztiei eta, bereziki, gurekin elkarlanean zerbitzua hobetzeko lan teknikoak egiten ari diren horiei.

Oraingoan berrikuntza txiki baina garrantzitsu batekin gatozkizue. Jakingo duzuenez, orain arte, euskalTube.com gunearen bidez bideo bat sareratzerakoan sistemak automatikoki ezartzen zuen euskalTube.com webgunearen logotipoa bideoaren gainean.

Hemendik aurrera, erabiltzaile bakoitzak bere bideoen gainean nahi duen irudia, mantxeta, eulia edo logotipoa jartzeko aukera izango du oso modu errazean.

Horretarako, aski da erabiltzailearen soslaiaren txokoan “ezarri irudi propioa zure bideoari” idatzita duen irudiaren azpian dagoen aukeraren bitartez erabiltzaile irudia paratzea. Hori ez da aldatu. Izan ere erabiltzailea identifikatzen duen irudia igoz gero, euskalTube.com guneak automatikoki ezarriko dio irudi hori erabiltzaile horren bideo guztiei. Erabiltzaileak ez badu irudirik ezartzen, orduan euskalTube.com gunearen ohiko “euli” edo logotipoa agertuko da bideoaren gainean.

Web 2.0 izeneko tresnek indarra badute, erabiltzaileen partehartzeari esker dute. Lehenago azpimarratu dugun bezala, euskalTube.com ez litzateke ezer erabiltzaileek sareratutako bideoengatik ez balitz. Bide horretan urrats bat gehiago eman nahi izan dugu partehartze hori bermatze aldera eta bideoak partekatzeko beste tresna gehienek eskaintzen ez duten aukera bat gaineratu dugu.

Aukera horren bitartez, erabiltzaileak bere bideo propioak sareratzeaz gain, bere “telebista” propioa identifikatuko duen logotipoa ezartzeko beta izango du hemendik aurrera. euskalTube.com gunetik erabiltzaile guztiak animatu nahi ditugu beren irudi propioa ezar dezaten, hartara gutxinaka ehunka eta ehunka telebista kate txiki sortzeko, bakoitza bere online txokoarekin eta identifikatzen duen “euli” edo logotipo propioarekin.

Hona hemen adibide batzuk:

Karrajua:

Negu Gorriak:

Teketen:

Damba taldea:

Eguberri on! Urte berri hobe!

abendua 28th, 2007

Ohitura da egunotan jendea zoriontzea. Eguberria igaro da dagoeneko (egun berria, neguko solstizioaen ostean argi orduak luzatzen hasten direnean…) eta laster urte berrian sartuko gara.

euskalTube.com gunean oso denbora gutxian komunitate sendoa sortu da eta, horregatik, erabiltzaile eta bisitari orori egun zoriontsuak igaro ditzala opa nahi diogu.

euskalTube.com guneari egunotan Gabonetako giroa nabari zaio. Izan ere, hainbat erabiltzailek argitaratu dituzte Olentzeroren, Errege Magoen eta Gabonetako beste ezaugarri batzuen inguruko bideoak.

Geure Christmas edo Gabon gutuna osatzeko, bideo horiek hemen jasotzea otu zaigu. Eguberri on, beraz, eta urte berri hobe!

1: Itzi izeneko erabiltzaileak igotako “Olentzero”:

2:Bideoak izeneko erabiltzaileak igotako “Olentzero Donibane”:

3: Bideolari erabiltzaileak igotako “Olentzero 2007″:


Zaharrak berri: Business Global Conference eta Gipuzkoako 2.0 webgunerik onena

abendua 26th, 2007

Kaixo!

Albiste zaharrekin gatozkizue gaurkoan. Izan ere, euskaltube.com irailaren 3an sortu zenetik oso lanpetuta ibili gara staffekoak ;), eta zuekin, webguneko erabiltzaileekin, partekatu nahi genituen hainbat gauza zaharkitu samar geratu zaigu. Baina esaerak dioenez, zaharrak berri.

Batetik, gogoan izango duzue agian 2007ko urrian Bilboko Euskalduna Jauregian egin zen Business Global Conferencen 2.0 tailerrentzako txokoan euskalTube.com izan zela gonbidatuetako bat (Nireblog, Alianzo, Elurnet eta Nvivorekin batera). Orduan, konferentziak entzutera bertaratutakoen aurrean, bideo baten bitartez aurkeztu behar izan genuen geure burua.

Hemen daukazue Euskalduna Jauregian ezarritako hainbat hazbeteko pantaila lauean proiektatu zena. Lehenengo zatian, euskalTubek eskaintzen dituen aukerak eta erabilpena azaldu genituen eta, amaiera aldera, enpresarioaren ikuspegiari egokitzen zaion irakurketa laburra egin genuen. Enpresa munduko jendearentzat, batikbat, baitzegoen prestatuta bilkura hura. euskalTuberen aurkezpenaren ostean, ordura arte sareratutako bideo batzuk ikusi ahal izan zituzten adibide gisa. Hau da bideoa:

Bestalde, Diariovasco.com guneak antolatzen duen Gipuzkoako Webgunerik Onenaren Sariketan, Web 2.0 kategorian, epaimahaiak euskalTube.com hautatu zuen irabazle. Nireblog eta Astidu izan ziren beste finalistak. Saritzat metakrilatozko garaikur bat, egunkari horretan izandako sona eta hemen azpian ikus dezakezuen banerra jaso genituen. Kanapeak eta ardoa, hori bai, oso goxoak zeuden ;)Hemen uzten dizuegu euskalTube.com 2007ko Gipuzkoako 2.0 webgunerik onena dela ziurtatzen duen banerra. Saria zuena ere bada, esan beharrik ez dago, euskalTube.com ez litzatekelako ezer erabiltzailerik gabe. 1.000tik gertu gara dagoeneko, eta 800 bideo inguru daude ikusgai lau hilabete eskas igaro ostean. Hori bai marka! Zorionak!

euskaltube.com, Gipuzkoako 2.0 webgunerik onena

Ez ginen irabazle bakarrak izan. Pertsona edo elkarte webgune onenaren saria Euskaljakintzako lagunek eskuratu zuten. Sari banaketaren bideoa sareratu zuten gainera. Haei guztiei ere, zorionak!


Orain, kanal bereziak ere bai

azaroa 29th, 2007

euskalTube.com gunean ekimen berri bati ekin diogu.

Orain arte, jakingo duzuenez, Taldea sor zitekeen euskalTuberen baitan. Hori orain ere egin daiteke.

Baina beste berezitasun bat gehitu nahi izan dizkiogu euskalTuberi: Kanal bereziak.

Kanal bereziak elkarte, hedabide, erakunde, instituzio, bideosormen talde eta abarrentzako espreski sortuko diren txokoak dira. Finean, Kanalek taldeek dituzten aukera berdinak eskaintzen dituzte partehartzeari nahiz administrazioari dagokionean. Baina Kanalak Taldeetatik bereizten dituena, nagusiki, URL helbidea da. Mementuz berbidaraketa batekin egina dago, baina hobetzen joango gara aurrera egin ahala.

Irratia.com da euskalTube.com guneko lehenengo kanala. Izan ere, euskarazko lehen irrati digitaleko kideek 100. saioa ospatuko dute datorren astean eta, horretarako, talde bat osatu dute. Hemendik aurrera, Irratia.com-en euskalTubeko kanala helbide honetan aurkituko duzue www.euskaltube.com/irratiacom100.

Aurki, Kanal berriak sortuko dira euskalTuben. Kanalak orotarikoak izan daitezke, baita helburu komertzialekin sortutakoak ere. Baina akordio bidez sortzen dira, zuzenean administrazioarekin harremanetan jarriz. Adi egon, laster kanal gehiago sortuko dira eta…

Kanalak sortzeko baldintza batzuk bete behar dira. Ad hoc egin behar baitira aldaketa batzuk. Taldea sortzea, aldiz, librea da.

OHARRA: Taldeen eta kanalen orrialdeetan hainbat gauza dago oraindik euskaratzeke. lanean ari gara lehenbailehen deskuido hori konpontzeko.

Erregistro arazoak konponduta

azaroa 24th, 2007

Azken astean arazoak izan dira erregistro berriekin euskalTube.com gunean.

Hain zuzen ere, jendeak ondo burutzen zuen erregistroa, baina konfirmazio mezua ez zuen behar bezala bidaltzen. Horregatik, jendea behar bezala erregistratuta zegoen, baina konfirmazioa burutu arte ezin zuten saioa hasi.

Arazoa zerbitzarian egon da. Arrazoiren batengatik, sistemak ez zuen mezua bidaltzen. Cirtex Hosting ostalaritza enpresakoekin hitz egin eta arazoa konpondu dute.

Bitarte horretan erregistratu bazara eta aipatu dugun arazoa “pairatu” baduzu, lasai. Eskuz aktibatu ditugu bitarte horretan erregistratutako erabiltzaileak.

Edozein arrazoirengatik oraindik saioa hasteko arazoak badituzu, erregistro orrian badago pasahitza berreskuratzeko aukera, erregistrorako erabili zenuen eposta helbidea idatziz. Sistemak pasahitza bidaliko dizu erregistratzeko erabili zenuen eposta helbidera.

Hala ere arazoak badituzu, jar zaitez gurekin harremanetan zuzenean: info[abildua]euskaltube.com